XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- V. subtesteko batezbestekoak, Euskara eta Nahastuta taldeetan, signifikatiboki ezberdintzen dira, % 5eko konfidantza-mailan.

- VI. subtesteko batezbestekoak, Euskara eta Erdara taldeetan, signifikatiboki ezberdintzen dira, % 1eko konfidantza-mailan.

3. Taldeen araberako emaitzen analisia

Hemen sartzen dugu gure ikerlanean famili hizkuntzaren aldagaia.

Honek zera esan nahi du: kontutan hartzen dugula, haurraren ama-hizkuntza euskara ala erdara den; famili giro horretan, hizkuntza bat edo bestea erabiltzen den edo biak nahasten diren.

Azken kasu honetan, gurasoren bat erdalduna izan daitekeelako, edo, nahiz eta euskalduna izan, erdaraz barra-barra egiten duelako.

Egia esanez, erdararen eragina itzala da familia guztietan telebista, irrati eta egunkarien bidez.

Euskararen egoera latza denok ezagutzen eta sufritzen dugu.

Talde bakoitzaren batezbestekoak ikusiz, eta erreferentziatzat erakuskari osoaren batezbestekoa (9'65) harturik, Erdara taldearen puntuazioaren beherapena nabaria da (8'88).

Euskara taldearen puntuazioa, batezbesteko orokorra baino altuagoa da (9'95).

Nahastuta taldearen puntuazioa, aldiz, batezbesteko orokorra baino pixka bat ttikiagoa da (9'40).

Hitz gutxitan esateko: - Etxean euskaraz egiten duten haurren taldeak, hizkuntza biak nahasten dituztenenak baino puntuazio altuagoa du eta giro erdalduna dutenenarekiko, areago oraindik.

- Benetan ikus dezakegu: ezberdintasunak signifikatiboak dira eta ordena bera mantentzen dute.

Euskara eta Nahastuta taldeen batezbestekoak signifikatiboki ezberdintzen dira % 5eko konfidantza-mailan (1'97>1'96) eta Euskara eta Erdara taldeenak % 1eko konfidantza-mailan (3'065>2'58).

Nahastuta eta Erdara taldeen arteko ezberdintasuna ez da signifikatiboa (1'37>1'96).

Euskara taldea, beraz, besteak baino gorago dago (neurtzen diren arloei dagokienez); urruntasuna, ttikiagoa da Nahastuta taldearekin, Erdara taldearekin baino.

Zehatzago: - Euskara-Erdara: VI. subtestean eta % 1eko konfidantza-mailan, ezberdintasun signifikatiboak aurkitzen ditugu.

Subtest honek, ahoskatzeko gaitasuna, ekolaliarako erresistentzia eta entzute-mugitzezko koordinazioa neurtzen ditu.

Erdara taldeak, subtest honetan, 0'93ko batezbestekoa ematen du Euskara taldearena 1'95 izanik eta 1'55 orokorrean.

Beherapen honen arrazoi bat, euskal fonetikako soinuak ahoskatzeko zailtasuna izan liteke, etxean erdarazko fonetika askoz ere landuagoa bait dute Erdara taldekoek.

Arazo honek badu garrantzirik irakurketa ikasteko orduan.

Hau ikusirik, familian erabilitako hizkuntzak, irakurketa eta idazketa ikasteko heldutasunean ondorioak dituela esan genezake, ahoskuntzaren alorrean hain zuzen.